XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitz gutxi eta juxtuak gurutzatzen zituzten elkarren artean.

Emaztearen borondatea ere desbideratzen hasi zen bere adiskideengana, bakardade berdinetara orduak ematen zituztenengana, ibilaldi luzetara, hitzik eta solaskiderik gabeko ordu hezetara, Euxebiok sare, tresa, arraun eta otarrei luzatzen zien begirunearen ordainetan.

Inork ez du bien artean ixkanbila zaratatsurik gertatu zenik adierazi.

Ez omen zuten ukabilkaden beharrik izan.

Elkarri inoiz aitortu gabeko tratu baten peko bidea jarraitzen zuten baten etsipenak, bestearen sareek.

Beti izan zen bien artean horrela, eta alaba jaio zitzaienean ere, ez zitzaien egoerarik aldatu.

Nortasunik gabeko gau ordu lokartu batek isuria zuen hazia.

Ez zegoen beste esplikabideetan ihardun beharrik.

Ez zuen alabak hitz samurrik, begirada maitekorrik, egunon berorik bideratzerik lortu.

Bizitzak bere noiz behinkako atsedenaldietan eskaintzen duen legeari zor zitzaion alaba.

Eta ez beste edozerri.

Egun batez eztula hestu batek neskaren birikak harrapatu zituen arte.

Amaren etsipena eta aitaren arratsalde itsastiarrek ezin izan zuten sendagilearen ahaleginek konpondu ez zutena tajutzerik izan.